Bixente Eizagirrek sortua da Talai-Berri txakolindegia. Txakolingintzan tradizio
handia duen familia bateko seme, esperientzia luze oparoa zuen langintza honetan,
Jatorrizko Deitura lortzeko zereginari lotu zitzaionean. Iniziatibaren aitzindari
eta eragile nagusi, Izendapen Deitura batek eskatzen dituen baldintza guztiak
beteko zituen txakolindegi bat eraikitzeari ekin zion ‘Getariako Txaolina’
deitura lortu bezain laster (1989).
Halatan, berea izan zen lehendabiziko txakolindegia (1992) legeak eskatzen
zituenak betetzen, chateau bati eta jatorrizko izendapen bati dagozkion ezaugarri
guztiak dituen txakolindegi bat eraiki baitzuen. Eta bide beretik jarraitu du
ordutik hona: bide berriak zabaltzen ahalegintzeaz batera, ‘Getariako
Txakolina’ deiturako Batzordeko partaide da.

Eraikina zertarako zen eta zein ezaugarri behar zituen kontuan izanik, upategiak
egiten esperientzia handia duten arkitekto bat eta lan-talde bat kontratatu zituen
Bixente Eizagirrek Zarauzko Talai-Mendiko maldetan dagoen txakolindegia egiteko.
Lanari eta produktuari aurrera egiteko modu egokienean banatuak daude dolare,
upategi, kalitate kontrol eta biltegiak, lan egiteko modu arrazionalenean eta
kalitatearen irizpideak aintzat harturik eraikia dago txakolindegi osoa.
Txakolina egiteko ezaugarri teknikoei dagokionez, Talai-Berri aitzindaria izan
zen teknika berrienak praktikan jartzeko orduan: airezko prentsa pneumatikoak,
errefrigeratze-xingolak daramatzaten upel herdoilezinak, hozberoaren kontrola...
Txakolindegiak badu, halaber, ondo hornitutako laborategi bat ere: prozedura ekoizleen
jarraipena egiteko behar diren elementu guztiak daude bertan, eta horixe da, hain
zuzen ere, Talai-Berri txakolindegiaren beste berezitasunetako bat.
Txakolindegi berriaren hastapenetan, ehun urtetik gora zituzten mahatsondoen aldamenean
mahatsondo berriak aldatu ziren, bertako mahatsekin osatutako hektarea gehiago
izateko helburuarekin. Ubide berriak egin ziren. Orientabide berria eman zitzaien,
egutera bilatuz, orain ehun bat urte bertan egon baina hainbat arrazoirengatik
desagertu egin ziren mahastiei.
Tradizionalki, mahastiak itsasora begira eta mahatsaradi espainolaren sistema
segituz aldatzen ziren, ustez orientabide eta sistema horiek zirela hoberenak.
Ez zuten, ordea, kontuan izaten Euskal Herrian Espainian baino urriagoa dela eguzkiaren
eragina; euri-tasa, berriz, Espainiako bataz bestekoa baino dezentez handiagoa.
Horregatik, bada, mahasti berriak hegora begira aldatu ziren eta hesola-sare altuen
sistema erabiliz.
Baina orientabidea eta mahatsondoen garatze-sistemak aldatu baldin badira ere,
txakolina egiteko betidanik erabili izan diren mahatsondoak landatu ziren, Hondarribi
Zuria eta Hondarribi Beltza, bi hauek baitira ondoen egokitzen zaizkienak ‘Getariako
Txakolina’ deiturako lurren bizi-baldintzei.
Halatan, bada: alde batetik lurraren ezaugarriei, klimari eta mahatsari esker,
eta, bestetik, tradizioaren eta berrikuntzaren arteko orekagatik ardo zuri gazte
bat lortzen da, lehorra baina freskoa, lirain frutatsua baina iraunkorra, txinpartaduna
baina ez apartsua.

Txakolindegi berria eraikitzerakoan hartutako erabakien artean ekoizpen-muga urteko
ehun mila litrotan jartzea izan zen: kalitatezko ekoizpen bat lortzea zen helburua,
ez hainbeste kantitateari begiratzea. Txakolindegikoen filosofiaren arabera, giza
faktoreak (gustuak, zaintzak, jarraipenak, gainean egoteak) garrantzi betea du
prozesu osoan. Halatan, giza faktorea lan teknikoaren gainetik jartzea da helburu.
Bertan lan egiten duen taldean honakook hartzen dute parte: familiako hiru senidek
(batek enpresa ikasketak egin ditu eta beste biak enologoak dira), nekazal injineru
tekniko batek eta mahasti-zaintzarako bi langilek.
Txakolindegiak ekoizpen apal batekin hasi zuen bere bidea (25.000 botila), baina
ez soilik upeldegia berria zelako: txakolindegia sortzerakoan zuten helburuari
eusteko, kalitatezko bermea eskainiko zuten mahatsondoak bakarrik ustiatu zituzten
hasiera-hasieratik. Azken urteko ekoizpena (2006) 90.000 botilakoa izan da: hurbil
dago, beraz, 1.992 urtean erabakitako 100.000 botilen ustiapena. Bitarte
horretan, mahasti berriak aldatu dira txakolindegiaren inguruan eta une honetan
mahasti gehienak ekoizpen betean ari dira, eta bakan batzuk landaketaren bigarren
eta hirugarren urtean daude. Laster, landaketa guztia bete-betean ematen hasitakoan,
upel guztietako txakolina Talai-Berriko mahatsekin egina izango da.