Menu
Saskia

Historia

Sarrera

Bixente Eizagirrek sortua da Talai-Berri txakolindegia. Txakolingintzan tradizio handia duen familia bateko seme, esperientzia luze oparoa zuen langintza honetan, Jatorrizko Deitura lortzeko zereginari lotu zitzaionean. Iniziatibaren aitzindari eta eragile nagusi, Izendapen Deitura batek eskatzen dituen baldintza guztiak beteko zituen txakolindegi bat eraikitzeari ekin zion ‘Getariako Txaolina’ deitura lortu bezain laster (1989).

Halatan, berea izan zen lehendabiziko txakolindegia (1992) legeak eskatzen zituenak betetzen, chateau bati eta jatorrizko izendapen bati dagozkion ezaugarri guztiak dituen txakolindegi bat eraiki baitzuen. Eta bide beretik jarraitu du ordutik hona: bide berriak zabaltzen ahalegintzeaz batera, ‘Getariako Txakolina’ deiturako Batzordeko partaide da.

Txakolindegia

Bodega

Eraikina zertarako zen eta zein ezaugarri behar zituen kontuan izanik, upategiak egiten esperientzia handia duten arkitekto bat eta lan-talde bat kontratatu zituen Bixente Eizagirrek Zarauzko Talai-Mendiko maldetan dagoen txakolindegia egiteko. Lanari eta produktuari aurrera egiteko modu egokienean banatuak daude dolare, upategi, kalitate kontrol eta biltegiak, lan egiteko modu arrazionalenean eta kalitatearen irizpideak aintzat harturik eraikia dago txakolindegi osoa.

Txakolina egiteko ezaugarri teknikoei dagokionez, Talai-Berri aitzindaria izan zen teknika berrienak praktikan jartzeko orduan: airezko prentsa pneumatikoak, errefrigeratze-xingolak daramatzaten upel herdoilezinak, hozberoaren kontrola...

Txakolindegiak badu, halaber, ondo hornitutako laborategi bat ere: prozedura ekoizleen jarraipena egiteko behar diren elementu guztiak daude bertan, eta horixe da, hain zuzen ere, Talai-Berri txakolindegiaren beste berezitasunetako bat.

Mahastiak

Viñas

Txakolindegi berriaren hastapenetan, ehun urtetik gora zituzten mahatsondoen aldamenean mahatsondo berriak aldatu ziren, bertako mahatsekin osatutako hektarea gehiago izateko helburuarekin. Ubide berriak egin ziren. Orientabide berria eman zitzaien, egutera bilatuz, orain ehun bat urte bertan egon baina hainbat arrazoirengatik desagertu egin ziren mahastiei.

Tradizionalki, mahastiak itsasora begira eta mahatsaradi espainolaren sistema segituz aldatzen ziren, ustez orientabide eta sistema horiek zirela hoberenak. Ez zuten, ordea, kontuan izaten Euskal Herrian Espainian baino urriagoa dela eguzkiaren eragina; euri-tasa, berriz, Espainiako bataz bestekoa baino dezentez handiagoa. Horregatik, bada, mahasti berriak hegora begira aldatu ziren eta hesola-sare altuen sistema erabiliz.

Baina orientabidea eta mahatsondoen garatze-sistemak aldatu baldin badira ere, txakolina egiteko betidanik erabili izan diren mahatsondoak landatu ziren, Hondarrabi Zuria eta Hondarrabi Beltza, bi hauek baitira ondoen egokitzen zaizkienak ‘Getariako Txakolina’ deiturako lurren bizi-baldintzei. Halatan, bada: alde batetik lurraren ezaugarriei, klimari eta mahatsari esker, eta, bestetik, tradizioaren eta berrikuntzaren arteko orekagatik ardo zuri gazte bat lortzen da, lehorra baina freskoa, lirain frutatsua baina iraunkorra, txinpartaduna baina ez apartsua.

Ekoizpena

Producción

Txakolindegi berria eraikitzerakoan hartutako erabakien artean ekoizpen-muga urteko ehun mila litrotan jartzea izan zen: kalitatezko ekoizpen bat lortzea zen helburua, ez hainbeste kantitateari begiratzea. Txakolindegikoen filosofiaren arabera, giza faktoreak (gustuak, zaintzak, jarraipenak, gainean egoteak) garrantzi betea du prozesu osoan. Halatan, giza faktorea lan teknikoaren gainetik jartzea da helburu. Bertan lan egiten duen taldean honakook hartzen dute parte: familiako hiru senidek (batek enpresa ikasketak egin ditu eta beste biak enologoak dira), nekazal injineru tekniko batek eta mahasti-zaintzarako bi langilek.

Txakolindegiak ekoizpen apal batekin hasi zuen bere bidea (25.000 botila), baina ez soilik upeldegia berria zelako: txakolindegia sortzerakoan zuten helburuari eusteko, kalitatezko bermea eskainiko zuten mahatsondoak bakarrik ustiatu zituzten hasiera-hasieratik. Bitarte horretan, mahasti berriak aldatu dira txakolindegiaren inguruan.