Talai-Berriren ekoizpen nagusia Getariako Txakolina Jatorrizko Deituraren produktu
klasikoa da: txakolina gisa ezagutzen dugun ardo zuriarena. Baina Talai-Berrikoen
bide berriak eraikitzeko gogoak bultzaturik, txakolinaren uxuala eta ardo beltza
ere ekoizten dira, beti ere lurraldearen eta bertako ezaugarrien nortasuna errespetaturik.
Talai-Berri txakolin zuria bertako bi mahats-klaseekin egiten da: Hondarribi
Zuria (mahastiko ehunetik laurogeita hamarra) eta Hondarribi Beltza (ehuneko
hamarra).
Ardo gaztea da, txinpartatsua. Graduazio neurritsuduna du (10.5º - 11.5º).Bere-berea
duen garraztasuna ere ezaugarri ahaztezina du. Hori-berde kolorekoa, itxura
argitsukoa, burbuila fin esanguratsua. Usain jori frutatsuak ditu eta oroitarazten
du belar moztu berriaren usaina ere. Dastatzerakoan, ardo zuri lehorra, orekatua
eta gorpuzduna dela ohartzen gara. Dastapen-hondarrek halako ezaugarri frutatsu
batzuk itzultzen dizkigute.
Urteari urte, halako txakolin bat lortzeko, Talai-Berrik metodo tradizionalak
erabiltzen ditu baliabide tekniko aurreratuenekin. Halatan, eta ez da adibide
bat besterik, Talai-Berri aitzindari izan zen bai mahatsen hautapen-mahaia erabiltzerakoan
eta baita bilketa-kaxen garbiketa prozesuan ere.

Jakue osoa txakolin frutatsua da, gustu iraunkorrekoa eta garbia. Lichy bezalako
fruta zuri exotikoak gogorarazten ditu. Lasto kolorekoa. Batere herdoil-arrastorik
gabea, eta baita muztioaren hartzidurak sortu ohi duen gas naturalak eragindako
perla-koroirik gabea ere. Ahoan gantzatsu eta itsaskorra izaki, oso ondo gordetzen
du gorpuzkeraren eta garraztasunaren arteko oreka.
Beste behin, metodo tradizionala eta bitarteko aurreratuenak erabili ditu Talai-Berrik
Jakue egiteko. Batonageari esker txakolina hain itsaskorra izatea lortu da (upelen
hondoan geratu ohi diren liei eragitea deitzen zaio batonage).
Dastatzerakoan, berehala nabarmentzen zaizkio anpolai beltzaren ezaugarriak eta
baita basoko fruituenak ere. Baina pixkana-pixkana fruitu gorriak oroitarazten
hasten da. Leuna, arina, atsegina da eta ardo gazte baten pikardia eta alaitasuna
ditu. Garraztasun-puntuak nortasun bizia ematen dio.
Talai-Berri aitzindaria izan da txakolin beltza ekoizten, oraindik bakarra baita
Getariako Jatorrizko Deituran. Barietate bakarrarekin egina da, Hondarribi Beltza
soilik erabiltzen da-eta txakolin beltza egiteko.
Kolore gardenekoa, kristaltsu eta malkotsua, baina ez dentsoegia. Distira argitsuak
ditu. Atsegina da usaintzerakoan, indartsua baina ez oldarkoia. Hondarribi Zuriaren
usain frutatsuak nabarmentzen zaizkio eta baditu halako txigor-ukitu batzuk ere.
Ahoan iraunkorra da, arina, freskoa eta baltsamatsu samarra. Harrigarriak baititu
leuntasuna eta iraunkortasuna, ez du hainbat eta hainbat uxualen oldarkortasunik.
Lamin Ura egiteko lehen dolare-aldiko muztioak bakarrik erabiltzen dira (kalitate
onenekoak) eta gainerako muztioa prentsatu gabe uzten da. Jakinik itsas aldeko
uxualek kalitate handiko destilatuak ematen dituztela, eta bertako muztioek ere
kalitatea berma zezaketela pentsaturik, hasiera batean senaren iradokizun soila
izan zenak produktu interesgarri bat ekarri du, eta ekoizpena urria baldin bada
ere, Lamin Ura uxuala guztiz emaitza pozgarria da Talai-Berrikoentzat.